Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

X. MINTZA EGUNA Beran

mintza_eguna

X. Mintza Eguna izanen da larunbatean, Beran

• Maiatzaren 30ean Euskal Herriko solaslagunek egun osoko jaia
izanen dute, Berako solaslagunek antolatuta.
• Mintzalagun egitasmoan lan berezia egin duten kideei eskerrak
emateko ekitaldia izanen da arratsaldean.
• Euskal Herrian 5.800 solaslagun elkartzen dira astero euskaraz
aritzeko.

Mintza Eguna, Euskal Herriko solaslagunen besta, Beran
izanen da larunbatean, maiatzaren 30ean. Hamargarren edizioa da aurtengoa, eta Bortzirietako Solaslagunek eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute, bertako bertzelako eragileen laguntzarekin, eta Berako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Mintza Eguna, Euskal Herri osoko mintzalagun, solaslagun eta berbalagunen jaia da. Ikasturtean tokian tokiko taldeetan astero elkartu diren kideek, uda aitzineko bestan elkar ezagutu eta euskaraz gozatzeko aukera izanen dute. Lehen edizioa Iruñerrian izan zen, eta hamargarrena ospatzeko Nafarroara itzuli da Mintza Eguna.

Eskualdeko eragileek elkarlanean antolatu dute Mintza Eguna
Berako solaslagunek osatu dute eguneko egitaraua, Sarako  txalapartariak, Bortzirietako Bertso Eskola, Kaxerna Gaztetxea eta bertze hainbat eragilerekin batera.

Goizeko ongi etorriaren ondotik bi ibilbide kultural izanen dituzte solaslagunek, aukeran:
Berako goi kotak ezagutzea edo herrian bisita gidatua.
Bazkalostean, esker emate ekitaldia izanen da Mintzalagun egitasmoan lan berezia egin duten kideei eskerrak emateko. Eta arratsaldean, Malerrekako Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da. Hauxe da egitaraua:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa Rikardo Baroja Eskolan
12:00 Bi aukera:
A) Bera altueratik. Lekueder eta Garmendiko Bordara bisita
B) Bera karriketatik. Bisita gidatua xokoz xoko
13:30 Mintza Kalejira musikariekin
15:00 Bazkaria Herriko Etxeko plazan
16:30 Esker emate ekitaldia
17:00 Dantzaldia Oharkabe taldearekin

Esker emate ekitaldian bertako produktuz osatutako saskiak jasoko dituzte solaslagunek, eta bazkarian eskualdeko edariak eta postreak izanen dira, Bidazi elkartearen eskutik. Bazkarirako izen-ematea tokian tokiko mintzapraktikako dinamizatzaileen zein Euskaltzaleen Topagunearen bidez egiten ahal da (mintzapraktika@topagunea.org). Txartelak 17 € balio du eta menu berezia behar dutenek aitzinetik  jakinarazi behar dute.