Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

BERAKO XVIII. KAFE ANTZERKI ZIKLOA

kafe antzerkia

Azaroaren 4an emanen zaio hasiera Berako Kafe Antzerki Zikloaren XVIII. edizioari. Zikloa Berako Euskara Batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.

Lehen emanaldia azaroaren 4an (ortziralea) izanen da, 22:00etan, Errekalde ostatuan. Sarean kateatuak antzezlana eskainiko du Nomofobikak Taldeak. Lan honek Donostiako aurtengo Poltsikoko Antzerki Sorkuntzaren lehiaketa irabazi du. Nomofobia aitzakia hartuta, hiru emakumek ikusleekin batera terapia bati eginen diote aurre. Hasteko elkarrekin test bat egiten dute menpekotasuna zenbatekoa den neurtzeko. Ondotik, gizartean hain hedatuta dagoen gaitz hau, kasu ezberdin ugaritan ikusteko parada izanen dugu: Ofizio ezberdinetako langileek, umeek, nerabeek, adineko emakumeek, batzuetan sketch tankeran eta bestetan bakarrizketa gisa, euren bizipenak aurkeztuko dizkigute, betiere umorea lagun, burua astintzeko asmotan. Amaia Lizarralde, Belen Cruz eta Olatz Beobide dira obraren sortzaileak.

Bigarren emanaldia azaroaren 11n, ortziralea, izanen da, berriz 22:00etan. Emanaldia Ikuilu ostatuan izanen da. Xentimorik Gabe taldeak Putinen guardasola antzezlana eskainiko du. Lehendakaria kezkatuta dago. “Euskaldun guztiok batuko gaituen himnoa behar dugu” aitortu du. Baina nork eginen du? Bilera luze baten ondotik adostasuna lortu dute: Ray eta Nik izanen dira euskal ereserkiaren egile. Erronka handia bi artista hauentzat. Talentua eta eskarmentua nahikoa badute ere metodo berri bat asmatu behar izan dute erronka horri aurre egiteko, metodo mistoa. Orain herriz herri ibiliko dira euskaldun orok ikasi eta bere egin dezan euskal ereserki berria.

Azken emanaldia azaroaren 19an izanen da, kasu honetan larunbatarekin eta 20:00etan, Lixoia ostatuan. Bazen behin clown taldeak Sexijentziak askatuz lana eskainiko du. Antzezlan hau aktore bakar baten (Itziar Saenz de Ojer) inguruan ematen den bakarrizketa da. Pedro Arnaezen gidaritzapean, clown formatuak eskaintzen duen inozentzia eta umorea, harreman erotikoek sortzen dituzten hainbat sinismen oker eta exijentziak aztertzeko erabiliko dira. Benetan gutariko bakoitzak gure sexualitatearen jabe izateak duen garrantziaren aldarrikapena, alegia.