Uscaldunac garen ezquero jardunaldiaren barreneko ekitaldia da
Eguna: abenduaren 5a, ortziralea
Lekua: Beralandeta BERA
Ordua: 19:00
Antolatzaileak: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Berako Udala
Laguntzailea: Nafarroako Gobernua
Juan Errandonea Altzuguren (Bera, 1917-1966) hizkuntza aunitz zekizken beratar jakintsua izan zen. Guzira 17 hizkuntza menderatzen zituen: euskara, gaztelera, latinera, frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, errusiera, turkiera, grekoa, hebraiera, arabiera, sumeriera, hititera, akadiera, kaldeera eta babiloniera. Hain zuzen, sumerierako katedraduna izan zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 11 urtez ikasi zuen Erromako Institutu Babiloniarrean. Euskara Mesopotamiako hizkuntzekin lotzen zuen teoria bat ere garatu zuen eta Bibliaren inguruko ikasketa paregabeak egin zituen. Edén y paraíso izan zen bere obra nabarmenena.
Jose Mari Zelaieta Errandonea (Bera, 1949) izanen da hizlaria. Hain zuzen Zigardiberea baserrian sortutakoa da Zelaieta, aspaldi Iruñean bizi bada ere. Bertan egin zituen magisteritza ikasketak Zelaietak, eta 40 urtez aritu da irakaskuntzan, maisu lanetan, Elizondon nahiz Iruñean (Etxabakoitzen, udal ikastolan, Sanduzelain eta Biurdanan).
Erretreta hartu ondotik, Nafarroako Artxibora joaten hasi zen genealogiaren eta sortetxearen inguruko berriak biltzera. Hala, Berako notarioen dokumentuak aztertzen hasi zen, eta hortik tiraka Bera herriarekin nahiz herritarrekin lotutako dokumentazio aunitz bildu du.
