Liburutegian eskatzen ahal da aurten leituko den lehenbiziko liburua: Horma
Hirugarren ikasturtea abiatuko du Berako irakurle taldeak. Hilabetean behin liburu bat aukeratu, hura leitu, eta elkarrekin partekatu egiten dute irakurleek liburua: zer gustatu zaien, zer ez, zerk harritu dituen, pertsonaiak, estiloa, istorioa…
Euskarazko irakurketa bulkatzea eta irakurzaletasuna sustatzea ditu helburu talde honek. Gainera, urtean zehar, Berako Liburutegiarekin, Berako Kultur Batzordearekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean bizpahiru idazle ere ekartzen dira, euren liburua leitu eta idazlearekin solasaldia edukitzeko.
Ikasturte honetako lehenbiziko liburua Horma da, Marlen Haushoferrek idatzia eta Naroa Zubillagak itzulia. 1963an argitaratu zen idazle austriarraren lanik garrantzitsuena, kultuzko obra bilakatu dena. Istorio itogarriaren erdian, harrigarriki, idazkera sosegatu eta lasaia darabil egileak, feminismoaren eta ekologiaren inguruko ikuspegi interesgarriei bide emanez.
Parte hartu nahi duenak aski du liburua Berako Liburutegian eskatzea eta azaroaren 5ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 18:30ean Liburutegira agertzea.