Lanak maiatzaren 27ra arte (ortziralea) entregatu ahalko dira
Aurtengo bestetako azala lehiaketaren deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak.
OINARRIAK
1) Parte-hartzaileak: Nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du lehiaketan, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu.
2) Gaia: Lanak Berako besta giroa islatuko du.
3) Azalean Berako Bestak 2022 testua agertu beharko da nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen.
4) Formatua: Argazkiak edo irudiak kolorezkoak izanen dira; ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 18 x 27 zentimetrokoa. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta modu egokian paketatuak.
5) Estiloa: gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutakoak eta ez dira arruntean edo neurri batean argitaratutako bertze lan batzuen kopia edo plagioa, edo edonola bertze artista batzuen lanak: kartelak, margolanak, etab.
6) Aurkezteko epea eta lekua: lanak 2022ko maiatzaren 27ra arte (ortziralea) eguerdiko 13:30 aitzin aurkeztu beharko dira Herriko etxeko bulegoetan. Epea luzaezina da.
7) Aurkeztutako lanaren gibelean goitizen bat baino ez da paratuko -egilearen izena agertutako lanak ez dira onartuko-, eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barrenean honako datuak agertu beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea [karrika, etorbidea, plaza, etab. zenbakia eta solairua; posta kodea, herria eta probintzia], telefonoa eta posta elektronikoa.
8) Lan irabazlea:
• Herri bozketaren bidez erabakiko da (hemendik gutira jakinaraziko zaizue nola egin bozketa hori).
• Lehiaketaren erabakia bakarra izanen da eta ezin izanen da inolaz ere helegiterik paratu.
9) Genero irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan ezberdintasunen tratamendu gutiesgarria saihestuz.
10) Lan saridunaren jabea Berako Udala izanen da eta bere iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu beretzat. Horietan lan saridunaren egilea emanen da.
11) Lanak ez dira itzuliko. Sarituak izan ez diren lanak Udalak Bestetako programan erabiltzeko edo erakusketa egiteko eskubidea bere egiten du, betiere egilea nor den adieraziz.
12) Saria: Sari bakarra izanen da, 400 eurokoa. Kopuru honi PFEZ moduan dagokion atxikipena ezarriko zaio (%15)
13) Lehiaketa hutsik geratzen ahal da.
14) Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek guziak onartzea dakar berarekin, nahitaez.