Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Aire libreko margo lehiaketa berreskuratu du Gure Txokoa elkarteak, 22 urte geroago

Irailaren 20an eginen da, hamaikagarrenez, eta 16 urtetik goitiko edonork parte har dezake

Hamar urtez segidan egin ondotik, 1993an egin zen azkenekoz Berako aire libreko margo lehiaketa. 22 urte geroago, lehiaketa berreskuratu du Gure Txokoa elkarteak, eta irailaren 20rako egin dute deia.

Margolarien lana agerian paratu eta artea herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin antolatu du Gure Txokoa elkarteak XI. Berako aire libreko margo lehiaketa. 16 urtetik goitiko edozeinek parte hartu ahal izanen du, beratarrak nahiz kanpokoak, eta izena emateko egun berean joan beharko da Gure Txokoa elkartearen Jamoteneako egoitzara goizeko 8:30etik aitzinera. Euskarria zigilatu eginen zaie partaideei, eta ondotik, lanak eguerdiko 14:00etarako aurkeztu beharko dira.

Edozein teknika erabili ahal izanen da, baina margolanaren euskarriak ez du aitzinetik manipulatua egon behar, erabat zuria egon behar du. Euskarriaren neurria librea izanen bada ere, alde bakoitzetik gehienez ere 100 cm eduki ahal izanen ditu.

Bi sari emanen dira, 1.000 eurokoa, lehenbizikoa; eta 600 eurokoa, bigarrena. Lan irabazleak Gure Txokoa elkartearen eta lehiaketaren babesle den Berako Udalaren esku geldituko dira, eta gainerakoak itzuli eginen zaizkie egileei, lehiaketaren egun beretik hasi eta 15 eguneko epean. Antolakuntzak izendatutako epaimahai batek emanen ditu irabazleen izenak, eta sari ematea lehiaketaren egun berean eginen da, arratsaldeko 18:00etan. Lehiaketako egunean partaide guztiak bere egoitzan bazkaltzera gonbidatuko ditu Gure Txokoak.

Harremanetarako: 647840482 (Lupe)