Bertsoak 2018ko maiatzaren 20ra arte aurkezten ahal dira
Baztan-Bidasoko hogeita hamaikagarren Bertsopaper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria
Parte-hartzaileak 4 mailatan banatuko dira:
A maila: 10 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta gutienez bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Sariak: trofeoa + 50 euro (lehenbizikoa) eta trofeoa + 30 euro (bigarrena).
B maila: 11 urtetik 14 urte arteko gazteak sarituko dira eta gutienez bi bertso edo lau kopla egin beharko dituzte. Sariak: trofeoa + 100 euro (lehenbizikoa) eta trofeoa + 70 euro (bigarrena).
C maila: 15 urtetik 18 urte arteko gazteak sarituko dira eta gutienez lau bertso egin beharko dituzte. Sariak: trofeoa + 150 euro (lehenbizikoa) eta trofeoa + 120 euro (bigarrena).
D maila: 18 urtetik goitikoek hartuko dute parte eta gutienez zortzi bertso egin beharko dituzte. Sariak: trofeoa + 200 euro (lehenbizikoa) eta trofeoa + 150 euro (bigarrena).
Bertsoak maiatzaren 20ra arte bidali beharko dira helbide honetara:
Berako Kultur etxea
Baztan-Bidasoko XXXI. Bertsopaper Lehiaketa
Eztegara pasealekua, 11
31.780 BERA (Nafarroa)
Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutun-azal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa.
Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean ekainaren 1ean, ortziralea, arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira.