Abuztuan zehar hainbat musika emanaldi izanen dira Nafarroako hainbat herritan Cultur 2014 ekimenaren barrenean (jazz, pop, ganbera…): Otsagabia, Bera, Elizondo, Tutera, Zangoza, Orreaga, Donamaria…
Beran ere izanen dugu errezitaldi bat abuztuaren 11n, Igor Peral tenorea eta Gonzalo Trevijano pianistak eskainiko digutena. Hona hemen informazio aipagarriena:
Eguna: abuztuaren 11, astelehena
Lekua: Sanesteban Eliza
Ordua: 20:00
Antolatzailea: Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura Departamentua
Laguntzailea: Berako Udala
Bidaia bat Pirinioetan barrena
Igor Peral tenor nafarrak eta Gonzalo Trevijano piano-jotzaileak osatutako bikoteak Pirinioen bestaldera joateko gonbita egiten digu Espainiaren eta Frantziaren arteko ideia komunen korronteen eta inspirazio-iturrien bila. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Paris erdigune kultural oso garrantzitsua bilakatu zen, musikaren eta pinturaren arloko abangoardien sorlekua. Parisko kontserbatorioa eta Schola Cantorum eskola –Isaac Albéniz irakasle aritu zen horretan– leku mitikoak izan ziren, baita konpositore espainiarren pelegrinazio-lekuak ere. Aldi berean, garai hartako konpositore espainiarrek bildutako folkloreak bere eragina izan zuen konpositore frantziarren obretan. Eraginak, beraz, elkarrekikoak izan ziren errezitaldi honetan dagoen konpositore-taldean.
Igor Peral eta Gonzalo Trevijano elkarrekin ari dira lanean 2011tik.
Igor Peralek musika-ikasketak egin zituen Julián Romano kontserbatorioan eta Masako Ishii, Almudena Ortega eta Juan Lomba maisuekin aritu da ahots-prestakuntzan, besteak beste. “El Caserío” eta “La tabernera del puerto” zartzuelak interpretatu ditu, eta “La Traviata”, “La Bohème” eta beste opera batzuetan ere parte hartu du, errezitaldiak eta gala lirikoak eskaintzeaz gainera. Gainera, beste talde batzuen artean, Donostiako Orfeoi, Nova Lux Ensemble eta Errege Antzokiko Koru Titularreko kidea izan da.
Gonzalo Trevijano donostiarrak bere hiriko kontserbatorioan eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan –Madrilen– egin zituen ikasketak. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan egiten duen irakasle-lana bere kontzertu-ibilbidearekin bateratzen du; horretan bakarlari eta piano-duo gisa eta beste kantari batzuekin ganbera moduan aritzen da. Kontzertuak eskaini ditu nazioarteko jaialdietan eta beste leku askotan, adibidez, Moskuko Pushkin museoan, New Yorkeko Steinway aretoan eta Madrilgo Auditorio Nazionalean. Halaber, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko Sinfonikoarekin aritu da elkarlanean, eta grabazioak egin ditu RTVErentzat.