Zubia auzolanean moldatu ondotik hitzaldiak eskainiko dira ekaineko ortziraletan
Aurten 200 urte beteko dira San Migel zubiko gudaz eta horren inguruan hainbat ekitaldi antolatzen ari dira. Zubia bera auzolanean egokitu dute San Migel Zubiko lagunek eta ekaineko ortziral guzietan San Migel zubiaren inguruko solasaldiak eginen dira, 19:30ean Beralandetan.
San Migel Zubiko Lagunek hainbat ekitaldi antolatu dituzte bigarren mendeurrena gogoratzeko eta horien berri eman zuten maiatzaren 29an Beralandetan egindako prentsaurrean. Ekintza militarra bera baino gehiago, hark Bortzirietako bizilagunen artean utzi zituen ondorioak landu nahi dituzte. Izan ere, garai hartan normala baino 550 bizilagun gehiago hil ziren Bortzirietan, bizilagunen %8a, gosearen eta disenteriaren ondorioz.
Orain arte, zubia berari itxura ederra eman diote auzolanean eta irailaren 1ean, gudaren bigarren mendeurrena betetzen den egunean, «pastoral moduko bat prestatu nahi dugu, Berako kultur talde guzien partehartzearekin», adierazi zuten.
Tartean, material ezberdinaren erakusketa eta solasaldiak ere eskainiko dituzte, ekaineko ortziral guzietan eta abuztuaren 16an.
Solasaldiak
Lehenbiziko hitzaldia ekainaren 7an izanen da eta Gerren ondorioak biztanleri zibilaren artean historian zehar hitzaldia eskainiko du Fernando Mendiola, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia eta Ekonomia Erakundeen Arloko irakasleak.
Ekainaren 14an, Efectos de la guerra en Navarra a lo largo del siglo XIX solasaldia eskainiko du Eduardo Martínez Lakabe historia katedradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ekainaren 21ean, Askatzaile faltsuak, benetako borreroak: emakumeen bortxaketa sistematikoak eta biztanleri zibilaren sarraskia Donostian 1813 urtean solasaldia emanen du Lola Valverde Lamsfus, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideak katedradunak.
Ekainaren 28an, Efectos de las guerras sobre la población de Bera y de Bortziriak a lo largo de la historia. 1813: el episodio más dramático solasaldia eskainiko du Fernando Mikelarenak, Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularrak.
Abuztuaren 16an, berriz, Antonio Valderrábano San Migel zubiaren historiaz eta gorabeherei buruz ariko da.