Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Solasaldia: Etxe-izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera (Andres Iñigo eta Paskual Rekalde)

Joan den urtean Uscaldunac garen ezquero lelopean euskara eta Bera herria edo bere ingurunea uztartzen duen jardunaldia antolatu zuten Berako Udalak, Berako Kultur Batzordeak eta Berako Euskara Batzordeak.

Aurreko edizioan solasaldi bat izan zen eta aurten bi ekitaldi eskainiko dira. Hona hemen lehenengo ekitaldiaren informazioa:

Solasaldia: Etxe-izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera (Andres Iñigo eta Paskual Rekalde)
Eguna: azaroaren 29a, astelehena
Lekua: Berako kultur etxeko erakusgela
Ordua: 18:30

Etxe-izenak izanen dira hizpide solasaldi honetan; hau da, Nafarroako euskal etxe-izenen ezaugarriak azalduko dira eta horien erabilera nolakoa den Berako etxe-izenetan.

Jakina den bezala, etxeak nortasun berezia izan du euskal gizartean, batik bat. Nortasun horren seinaleetako bat da etxe-izenak agirietan eta modu ofizialean erregistratuak ageri direla Erdi Arotik hasita. Gainera, ukaezina da euskal gizarteak etxearekiko izan duen eta duen lotura, sentimendua, errespetua, maitasuna eta oroitzapena. Izan ere, batzuetan etxeak eman izan dio deitura familiari eta, bertze aunitzetan, jabearen erreferentzia (izena, deitura, lanbidea, jatorria, izengoitia…) hartu izan du izentzat etxeak.

Solaskideak

Andres Iñigo Ariztegi (Ituren, Nafarroa; 1945) Filosofia eta Letretan doktorea da. Irakasle ibili zen urtetan Iruñeko Hizkuntza Estola Ofizialean. 1987ko uztailaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta euskaltzain oso 1999ko otsailaren 26an. 2020ko otsailean euskaltzain emeritu izatera pasa zen.

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, Nafarroa; 1963) Euskal Filologiako ikasketak egin eta lizentzia bereganatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea. 2003ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2020ko uztailean euskaltzain oso.