Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

ANIZTASUNAREN INGURUKO KONTAKETA: Denak ezberdinak, bakoitza beharrezko (Pello Añorga)

pelloañorga

6-12 urte
Eguna: azaroaren 20a, ortziralea
Lekua: Herri Liburutegia
Ordua: 17:30
Antolatzailea: Berako Kultur Batzordea

Pello Añorga ipuin kontalaria du protagonista, eta gaztetxoak aniztasunaren balioez sentsibilizatu nahi ditu.
Intimitatetik eta isiltasunetik abiatzen da Pello Añorga, haur literaturako hautazko ipuinak bitarte. Ipuin kontaketak honako hau planteatuko du: kohesioa bilatzen jakin behar dugu aniztasunean, jatorri anitzekoak garenez gero. “Desberdina izateak ez du zertan izan oztopo, aukera baizik. Nork erabakitzen du forma bat hemengoa dela eta bestea kanpokoa? Zergatik mespretxatzen dugu ezagutzen ez duguna? Nola esperimentatzen ahal dugu bertzea ere badela nire biziaren partaide? Nola sortzen ahal dugu zerbait berria elkarrekin?”, dio Pello Añorgak.

Hona Marcos Nanclaresek, Migrazio eta Aniztasun zuzendaria zenak adierazitakoa: “Euskal Herria herri aniztuna da, eta hori balio bezala ulertzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundian. Horregatik, aniztasun hori erakutsi nahi dugu modu erakargarrian. Eta Pello Añorgak primeran lortu duela esango nuke: ikuskizun ederra eta gaztetxoentzako aproposa sortu du; haurrak eta familiak aniztasunaz sentsibilizatzeko tresna erakargarria. Aniztasunaren kultura berria eraiki behar dugu, elkarren aitortzan oinarritua eta herri honetan bizi garen pertsona guztiak barnebiltzen dituena, eta eginkizun horretan, funtsezkoa da gaztetxoen artean balio positibo horiek zabaltzea”. Ikastetxeen erantzun bikaina nabarmendu du Nanclaresek. Izan ere, Foru Aldundiak ikuskizunaren eskaintza egin eta berehala, ia Gipuzkoako ikastetxe guztiek azaldu zuten Pello Añorgaren ikuskizuna hartzeko asmoa: “Oso pozik gaude ikastetxeen erantzunarekin. Bi arrazoirengatik: kalitatezko kultur produktua eskaintzen ari garela konturatu direlako, batetik, eta aniztasunaren balioetan hezi beharraren garrantziaz jabetuta daudelako, bestetik”.

Biografia

Pello Añorgak ibilbide luzea du egina ipuin kontalaritzan: ia 30 urte. Kontatzen ez ezik, ipuin tailerrak irakasleei eta familiei ematen ere trebatua da. Mondragon unibertsitatean ere (HUHEZIn) ipuin tailer emaile ezaguna da. Idazle ere bada: 40tik gora liburu ditu argitaratuak eta 2008an Euskadiko Haur literatur saria jaso zuen.