Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Antzerkia: Lurrun minez (MAuMA konpainia)

Euskaraz

Eguna: otsailaren 20a, larunbata
Lekua: Kultur etxea
Ordua: 18:30
Sarrera: 7 € (sarrerak aitzinetik Agara prentsan salgai)
Iraupena: 70 min
Antolatzaileak: Berako Udala eta Berako Kultur Batzordea
Laguntzailea: Nafarroako Antzoki Sarea

Egilea: Galder Perez
Zuzendaria: Olatz Gorrotxategi
Musika zuzenean: Joseba B. Lenoir
Aktoreak: Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez, Pelayo Serrano
Argiztapen diseinua: Paco Trujillo

* Euskarazko Gidoirik Onena, 2018ko Café Bar Bilbao Antzerki Sarietan

Hiru marikaren arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Ustez anonimatuan gertatzen den sexu trukerako espazioa izanen da hirurentzako elkargunea.

Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari Mari Matraka Erregina deitzen dio. Oskarrek 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria da. Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera.

Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bere kabuz irekitzea erabaki du, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Beste pertsonaiak ailegatu ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izanen den lokarria sortu arte.

Parranda orgiastikoa izan nahi du gauak. Baina dibertimendu eta libertimenduan bizirauteko ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala.

Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak, lumak, gorputzak eta arimak nahastuko dituen koktela izanen da gabon gau hau.

Boterea eta herentzia

Drama psikologiko, sozial eta sexual honetan galdera asko planteatuko da, hausnarketarako gaiak. Botere harremanek leku nagusia dute, baita horien aldakortasunak ere. Botere harremanak ezberdinak dira posizio sozialaren, adinaren edota bizitzarekiko jarreraren arabera, adibidez.

Maritxuen artean intragenero biolentzia gerta daiteke. Gizarte heteropatriarkalean, hiru pertsonaia hauek, sehaskan gizon kontsideratu zituzten heinean, pribilegioak jaso zituzten eta baita heredentzian biolentzia jaso ere. Batzuek zama gehiago ere badute, maitasun erromantikoa eta honen ondorioz datozen frustrazioak, kasu.

Baina beharrezkoa ote da horrenbeste identitateren gaineko etiketa, horrenbeste teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau ez ote da bestelako boterearengandik jasotako heredentzia kontserbadore patriarkala?