Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

BERAKO XVII. KAFE ANTZERKI ZIKLOA

KAZ2015 iragarkia

Azaroaren 6an emanen zaio hasiera Berako Kafe Antzerki Zikloaren XVII. edizioari.  Zikloa Berako Euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.

Lehen emanaldia azaroaren 6an (ortziralea) izanen da, 22:00etan, Ikuilu ostatuan. Atea taldeak Ekoetikopatetikobikoa antzezlana eskainiko du. Alex Tellok idatzi eta zuzendutako lana da, eta antzezleak Anabel Arraiza eta Jabi Rodil dira. Lan honek Donostiako aurtengo Poltsikoko Antzerki Sorkuntzaren lehiaketa irabazi du.

Antzezlana Biki eta Viktor pisukideen elkarbizitzaz ari da. Viktor etxebizitzaren jabea da eta lanik egiten ez duenez Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten die. Bikik eta Victorrek elkar ezagutu zutenetik urte bat pasa denean eztabaidatu beharko dute kontratuaren berritzea. Horretarako jendaurreko hitzordu bat antolatu dute eta publikoak lagunduko die negoziaketa aitzinera eramaten. Hementxe ikus dezakezue promozioko bideoa:

Bigarren emanaldia azaroaren 13an, ortzirala, izanen da, berriz 22:00etan. Emanaldia Bidaxka ostatuan izanen da. Gilkitxaro taldeak Adarretatik zintzilik antzezlana eskainiko du, eta Beran eskainiko dute estrainekoz. Galder Pérez eta Ane Zabala dira obraren sortzaileak eta antzezleak, eta 40 urtetako krisiaren poziuma aurkeztera datoz. 40 urte bete berri dituzten bi pertsonaia krisian dira: bikotekiderik ez, familiarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira?

Azken emanaldia azaroaren 22an izanen da, kasu honetan igandearekin eta 19:00etan, Xuga ostatuan. Biko Teatroak Desentxufatuak lana eskainiko du. Patxo Telleriak idatzitakoa da, eta aktore lanetan ere aritzen da, Mikel Martínezekin batera.