Gaizka Sarasola lesakarrak eta Jon Abril beratarrak Udalbiltzaren “Geuretik Sortuak” bekan ondutako lanak aurkeztuko dituzte
Eguna: urriaren 18a, ortziralea
Lekua: Beralandeta
Ordua: 19:00
2023an Udalbiltzak euskarazko sormen-lanak sustatzeko Geuretik Sortuak bekak bultzatu zituen, bigarrenez. Udalbiltzaren egitasmo honetan 39 udalerrik parte hartu zuten, tartean Berak eta Lesakak, eta lau diziplinetako 22 sortzaileri beka bana eman zitzaien literaturan, komikigintzan, zinemagintzan eta antzerkigintzan euren lanak garatzeko. Literaturako hamar lanen artean Bortzirietako bi egilek eskuratu zuten beka, Gaizka Sarasola lesakarrak eta Jon Abril beratarrak. Sarasolak Larrabetzun egindako egonaldiarekin ondu zuen Desagertzen lana; eta Abrilek, berriz, Atharratzen egin zuen egonaldia, eta Odolustu lana osatu.
Joan den udaberrian literaturako hamar lanak biltzen dituen Hamarreko bitxia liburua argitaratu zen, tartean Sarasola eta Abrilen lanak daude. Euren lana aurkeztuko dute Bortzirietako bi egileek Berako emanaldian.
Sarasolak atzerrian urte luzez bizi ondoren, herrira itzuli den Margariren istorioa kontatzen du bere lanean. Herrian egon diren aldaketak ikusiko ditu fikziozko pertsonaiak, gauza batzuk desagertuko dira, bertze batzuk bazterrean gelditu. Literaturaren bidez desagertze horietan sakondu du Sarasolak.
Abrilek, aldiz, herri ttikien hustutzea du hizpide, Atharratzen bizi diren bi emakumeren arteko maitasun-istorioaren bukaeraren bidez. Zerbitzu faltak, etxebizitzaren arazoa, hirietara migrazioa… kontatzen dira, bi pertsonaien maitasun-kontuen gorabeherak tarteko.
Geuretik Sortuak ekimenak Euskal Herria kontatzea du helburu. Euskal Herriaren kontakizun sentikorra du xede, euskaraz kontatua. Izan ere, euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala da Geuretik Sortuak. Sormenerako beka ez ezik, lanen zabalkundea eta jende aitzineko emanaldiak ziurtatzen dizkie bekak egileei.