Mugerri eta Jakintza elkarteek eta Berako Udalak elkarlanean antolatu dute
Berako ondarea plazara izenburupean, solasaldia eta ibilbide-gidatua antolatu dituzte Berako Mugerri elkarteak, Ziburuko Jakintzak eta Berako Udalak elkarlanean, urriaren 14 eta 15ean.
Ortziralean, urriaren 14ean, Jakintza Elkarteko Paul Badiolak solasaldia eskainiko du Beralandetan, arratsaldeko 19:00etan, Lizuniagatik Kaulera, arrastoen bila izenburupean. Muga eta mugarriak, inguruaren ezaugarri geologikoak, ondare megalitikoa, Bera eta Sara artean historikoki ikatza eta burniarekin izandako merkataritza-harremana eta Kauleko Larraina izanen ditu solasgai, bertzeak bertze, Badiolak, frantsesez emanen duen solasaldian. Jakintza elkarteko kideek euskarara ekarriko dute bere solasaldia.
Biharamunean, hilaren 15ean, Kauleko Larraina bisitatzeko ibilbide-gidatua eginen da. Edozein pertsonarentzako egokia da bisita, ez baitu aparteko zailtasunik. Ibilbidean zehar euskara, gaztelania eta frantsesa erabiliko dira. Hitzordua goizeko 10:00etan eginen da, Altzateko plazan, eta handik autoetan mugituko dira Kaulera, ordu eta erdi eta bi ordu inguruko bisita egiteko. Bisita dohainik da, baina aitzinetik eman behar da izena mugerri@gmail.com posta elektronikora idatzita edo whatsapp mezua bidaliz 666 130 045 zenbakira.
Kauleko Larraina beratar gehienentzat arrunt ezezaguna den ondarea da, eta bertako tumulua, ubidea, gisu-labea, zentrala eta errotaren arrastoak bisitatzeko aukera egonen da.
Harremanetarako: 666 130 045 (Marisol)