Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

“Bideak” proiektuak Bera eta Urruña arteko hiru bide berreskuratuko ditu, eta bi herrietako artisten arteko elkarlan bultzatuko du

Sei sormen-beka emanen dira, Berako eta Urruñako artistek elkarrekin lan egin dezaten

Berako eta Urruñako Herriko Etxeek elkarlan-proiektu bat paratu dute martxan, Bideak izenekoa. Bi herrien arteko hiru bide zahar berreskuratuko dira, seinaleztatu, horietan dagoen ondarea bildu, ezagutzera eman eta zabaldu. Helburua da bi herrien arteko harremanak sendotzea, bideak urratzea. Horretarako, bi herrietako kultur eragileen eta artisten parte-hartzea sustatuko da, proiektuan zuzenean esku hartuz. Herri bakoitzeko hiruna artistak edo artista-taldek parte hartuko dute. Artisten aukeraketa egiteko beka-deialdia egin dute bi herriko etxeek, eta artista bakoitzak 2.500 euroko diru-poltsa jasoko du. Herri bakoitzeko artista banarekin (edo artista talde banarekin) bikoteak osatuko dira, eta bortz astez, elkarlanean, sormen-prozesu bat garatu beharko dute, berreskuratuko diren bideetako bakoitzarekin edo bertako ondarearekin lotutakoa. Urrian jende aitzinean eman beharko dute sortze-prozesuaren emaitza.

Mendetan zehar Pirinioak gurutzatzeko bide naturalak izanen dira orain berreskuratuko direnak. Erromatarrek Konpostelara joateko erabili zituzten bideak, eta, batez ere, bertako herritarrek ekonomia zein eguneroko harremanetarako: burnia garraiatzeko, aziendak alde batetik bertzera eramateko, egurra garraiatzeko, salgaiak, kontrabandorako, gerretarako, nekazaritzarako, eta azken urteotan, batez ere, aisialdirako.

Intzolako bidea, Mandobidea eta Sansonbidea izanen dira berreskuratuko diren bideak, eta horietan dauden elementu megalitikoak, kisulabeak, errotak, olak eta bertzelako elementu materialak seinaleztatuko dira.

Bi herrien arteko harremanak sendotzea helburu du proiektuak, eta bi herrietako artisten bidez eginen da hori. Gaurtik hasita, eta abuztuaren 24a bitarte, parte hartu nahi duten artistek beka-deialdira aurkeztu beharko dute oinarrietan jasotako dokumentazioa aurkeztuz (motibazio-gutuna, sormenaren kontakizuna, proiektuaren genero-ikuspegia eta euskararen tratamendua). Oinarri guztiak eskura daude bera.eus eta berakoagenda.eus webguneetan. Lanek, derrigor, genero-ikuspegia izan beharko dute, eta hitzezko adierazpenik badute euskaraz izan beharko da % 80 bederen, hau baita berezko hizkuntza eta bi herriak lotzen dituena. Deialdiak, halaber, bermatuko du hautatutako artisten erdiak, gutienez, emakumeak izatea, hauen lanei ikusgarritasuna emateko asmoarekin.

Proiektuak Nafarroako Gobernuaren finantzazioa lortu du, mugaz gaindiko Euroeskualdea egitasmoko deialdiaren bidez. Egitasmoa aitzinera ateratzeko bi herriko etxeez gain Berako Mugerri eta Ziburuko Jakintza elkarteek ere parte hartuko dute.

OINARRIAK BEKAK  [265 KB]

Argibide gehiagorako: 948 63 00 05 / bera@bera.eus