Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Erakusketa etnografikoa irekiko da uztailaren 31n Julio Caro Barojaren mendeurreneko ekitaldien baitan

Berako Udalak, Nafarroako Gobernuarekin batera, antolatu du

Julio Caro Barojaren urteurreneko ekitaldien baitan, bere izena daraman museo etnologikoko piezekin osatutako erakusketa irekiko da heldu den ortzegunean, uztailaren 31n, arratsaldeko 19:00etan, Berako Kultur Etxean. Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatu dute erakusketa.

Julio Caro Baroja aitzindari izan zen bilketa etnologikoan. 60. hamarkadan, Nafarroako Foru Diputazioak baserrietako lanabesak eta tresnak biltzeko eskaria egin zion Juliori, eta Beran hasi zuen bere lana. Ordurako, baserria gainbeheran hasia zen, eta mekanizazioarekin batera, hainbat tresna erabilerarik gabe eta galbidean paratu zituen. Julioren lanari esker, horietako aunitz, betirako desagertu aitzinetik, gure garaietara ailegatu dira. Berako baserrietan hartu zituen, nagusiki, tresna horiek, eta hortik, gaur egun, bilduma osatzen duten piezen artean toki nabarmena izatea Berako kolekzioak. Museoa, Nafarroako Gobernuaren ardurapekoa, ez dago herritarrei zabalik, baina Lizarrako biltegi batean 14.000 pieza baino gehiago daude gordeta, Nafarroa osoko ondare aberatsaren lekuko, proiektu museografiko bat noiz eginen esperoan. Hala bada, jendearen aitzinean egoten ez diren piezak ikusteko aukera dago erakusketa honekin.

Erakusketara Berako baserrietan bildutako 45 pieza ekarri dira, eta baserriko ohiturak eta antzinako argazki batzuekin osatu da. Erakusketan, bereziki deigarriak dira antzinako gurdi bat, ohola, area, lera, bonbila, ogia mihaurtzeko astoa, sagardoa garraiatzeko kupela bat edo tolare ttiki bat, bertzeren artean. Osagai ttikiagoak ere ikusi ahal izanen dira.

Irailaren 14a bitarte ikusi ahal izanen da erakusketa Beran, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, asteartetik igandera (igande arratsaldetan itxita egonen da).