Eguna: urtarrilaren 14a, ortzeguna
Lekua: Kultur etxea
Ordua: 18:00
Iraupena: 60 min
Antolatzailea: Berako Kultur Batzordea
Bortzirietako nobiliarioa. Noblezia, kaparetasuna eta odol-garbitasuna egiaztatzeko frogantzak (XVI-XIX. mendeak). lanaren xedea da egiazko berriak ematea Nafarroako erresuma zaharreko Bortzirietan errotutako abizenak dituzten ondorengoei, noiztik agertzen diren han, haien leinuaren noblezia erakusten duen armarria noiz paratu zen etxeko atalburuetan. Ez hori bakarrik. Abizen eta armarri horiek izan dituzten arbasoen goiti eta beheitiak ere ageri dira, bertzeak bertze, inolaz ere agortu nahi izan gabe liburuko informazio baliotsua. Marx eta Engels seguru ziren haiek teorizatu iraultza komunistak arrakasta izanen zuela. XIX. mendearen erdialdean iragarri zuten gizarte berriak ez zituela deusetarako ere erabiliko heraldika eta genealogia. Bi mende geroago erraten ahal da inoiz baino biziago dagoela gure iragan genealogikoa zein den jakiteko eta familia-armak interpretatzeko interesa.
Nobiliario lanean Erdi Aroaren akabailatik, bando-gerra asaldagarri haietatik, lehen karlistaldirainoko aldia aztertzen da, zeinetan hasi baitziren armarri haiek, nagusiki, apaingarri moduan erabiltzen eta abizen guztiak berdintzat hartzen oker deitutako «Estatusen nahasmendua» izenekoaren bitartez. Iturriek (udal artxiboak, Nafarroako Artxibo Nagusia, Artxibo Historiko Nazionala, Indietako Artxibo Nagusia, etab.) Bortziriak ezagutzen lagunduko digute aurkitu diren 350 kaparetasunek eta haien odol-filiazioek osatzen duten mundu konplexuan zehar. Ibilbide historikoa, ustekabez betea, erraterako emaztekiak batzarrean botoa ematen edo Bozateko agotak 1619ko kaparetasun-auzi batean lekuko. Historia beti da bizia, aurkitzea uste ez dena erakusten duena.