Eguna: abenduaren 2a, asteazkena
Lekua: Berako kultur etxeko erakusgela
Ordua: 19:00
Antolatzaileak: Berako Euskara Batzordea eta Berako Kultur Batzordea
Berako Udal Artxiboan gordetako 1822ko eskuizkribua
Solasaldiak oinarritzat hartuko du Berako Udal Artxiboan gordeta dagoen 1822. urteko eskuizkribu bati buruz egindako ikerketa lana. Euskal testu administratibo bat da, herriko batzarrean irakurtzeko prestatua eta euskararen kanpo eta barne historia osatzeko gako batzuk ematen dituena.
Uscaldunac garen ezquero testu honen lehenengo hitzak dira, “elkar hobeki aditzeko” asmoz beratar guztiei zuzendutako euskarazko idatzia.
Hizlariek garai hartako testuinguru soziohistorikoaz eta testuaren egileez solas eginen digute, dokumentuaren edukia komentatuko dute eta bertako euskarak berrehun urte honetan jasan dituen aldaketetako batzuk aipatuko dituzte.
Ekaitz Santazilia Salvador (Iruñea, 1987). Euskal Filologian lizentziaduna eta hizkuntzalaritzan doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan dihardu irakasle. Hizkuntz tipologia, euskararen historia eta testu zaharrak ditu ikergai, eta hainbat lan eman ditu argitara gai horien gainean. Horrezaz gain, Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, baita euskararen historiaren gaineko ikerketa gizarteratzea xede duen Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko presidentea ere.
Mikel Taberna Irazoki (Alkaiaga; 1957) Biologian lizentziaduna. Helduen euskara irakasle eta itzultzaile lanean hainbat urtez aritua da. Idazle gisara baditu lan batzuk argitaratuak, narrazioan bereziki (Txokolatezko dinamita, Ibaiak nahi duen tokiraino, Alkasoroko benta). Harritik hazia antzezlanean esku hartu zuen. Hedabideetan kolaborazioak eginak ditu eta aritzen da (Ttipi-ttapa, Xorroxin irratia, Euskalerria irratia, Bertsolari, Argia). Bertsolaritzan ere aritua da: gehienbat gai-jartzaile eta aurkezle lanak egin ditu.